Iragan ostiralean, azaroak 9, Luberri Abesbatzak bere X. urteurrena ospatu zuen.

Emanaldia hasi baino lehen urduri samar, abesbatzako kideek ez zuten irribarrea galdu inoiz eta ikuskizun ederra eskaini ziguten, une hunkigarriez beteta.

Eskerrak emateko hitzak, oroitzapenak, errepertorio esanguratsua eta parte-hartzaile bereziak: Mirari Etxeberria biolin-jotzailea, Ignacio Arakistain piano-jotzailea, Antiguotarrak dantza taldea, Humar quartet hari-laukotea, Verdini dantza taldeko Aitor Manterola eta Haizea Sendon, abesbatzako kide ohiak, Ibai-Ofeoi txiki eta Jakintza-Orfeoi txiki. Ordu eta erdi inguruan, abesbatzaren 10 urteko ibilbidearen errepaso borobila egin zuten inor ahaztu gabe.

Azpimarratzeko, Ondarretatik obra, Luberri abesbatzarentzat Junkal Guerrero zuzendariak berak konposatutakoa. Habanera erritmoan, euskarazko kanta honek antiguotarren sentimenduak adierazten ditu, ereserki gisa.

Zorionak Luberri Abesbatza!

Hurrengo kontzertura arte!