Antigua-Luberri ikastetxea 1996/1997 ikasturtean jarri zen abian.
Ibilbide horretako lehen sei ikasturteak Santa Rita izeneko eraikinean egin zituen, askotan baldintza kaxkarretan eta eraikin berriaren zain. 2002/2003 ikasturtean lekualdatu zen ikastetxea oraingo egoitzara. Eraikin berriak, beraz, 19 urte beteko ditu ikasturte honetan.
Antigua-Luberri ikastetxea sortu zenean, ez zegoen Antiguako auzoan eta bere ingurumarian D ereduko irakaskuntza publikorik. Baina 1994an, ikastolen publifikazioak eskola-mapa berria sortu zuenean, Jakintza, Orixe, Amassorrain eta Igeldoko eskola bilduko zituen egitasmoa gauzatu zen: Luberri ikastola.
Handik hiru urtera fusionatu ziren Luberri ikastola eta Ibai ikastolaren 12-18 urte bitarteko etapa, eta une hartantxe hartu zuen ikastetxeak gaur egun duen izena: Antigua-Luberri BHI.
Hasiera batean, Antigua-Luberri BHIk jatorrizko bost ikastetxeetatik etorritako irakasle taldea izan zuen. Ondoren, ikastetxea hazi ahala, hainbat lekutatik irakasle gehiago etorri dira eta, honela, gaur egun gutxi gorabehera 100 irakaslek eta 800 ikaslek osatzen dugu gure eskola-komunitatea.
Ikastetxea eraiki zenean maila bakoitzeko lau gela aurreikusten zirenez, ikasleen matrikula handitu ahala gure egoitza poliki-poliki txiki geratu zaigu. Izan ere, kontuan hartu behar da gaur egun hamabi eta hamasei urte bitarteko etapan, adibidez, sei-zazpi gela ditugula maila bakoitzeko. Horregatik, 2017-18 ikasturtean zehar ikastetxea handitzeko lanak egin dira, eta 2018-19an erabili ziren lehen aldiz ikasgela berriak.
Antigua-Luberri BHI titulartasun publikoa (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saila) duen ikastetxea da.