Komunitate Proiektuko saioetan DBH4n moda jasangarria lantzen hasi garela eta, irteera berezi bat egin dugu Getariara, Cristóbal Balenciaga jostun eta diseinatzaile ospetsuaren museoa bisitatzeko. Goizean goiz abiatu gara Lugaritzetik Zarautzera, eta handik Getariara oinez joan gara mendiko bidetik. Bidean geldialdi batzuk egin ditugu, besteak beste Vista Alegreko Torreoia eta Santa Barbara ermita bisitatzeko. Getariara garaiz iritsi gara, museoko bisita hasi aurretik tarte ederra izan dugu herriko frontoian pilotan aritzeko; ikasleek zein irakasleek giro bikaina sortu dute. Ondoren, museora igo eta bisita gidatuari ekin diogu Cristóbal Balenciaga Museoan.
Bisitaren lehen zatian, komunitateko saioetan landutako edukiak praktikan jartzeko aukera izan dugu: museoko langileek hainbat galdera egin dizkigute, eta gure ikasleek, nola ez, primeran erantzun dituzte. Bigarren zatian, Balenciagak diseinatutako jantziak gertutik ikusteko aukera izan dugu, bere estiloa, berrikuntza eta josteko modu berezia ezagutuz. Antiguara egun eder eta aberasgarri baten oroitzapenarekin itzuli gara.








